Badator, badatorrela!

Kontuz ibili harrapa ez zaitzan. Edo, zergatik ez, utz ezazu olatu honek bete betean harrapatzen. Ez zara damutuko, nik diotsut. Olatu honetan ez da surf taularik behar, ezta bainujantzirik ere. Egia esan, olatu honek urik ere ez dauka. Orduan, zeren olatua da?

Udako kanpamenduaren ondoren indarrak hustuta geratu ziren, eta uda osoa izan dugu gertatu zena ondo analizatu eta galdu genituen indar horiek berreskuratzeko. Hala ere, indar horiekin batera, beste sentimendu bat ere ate joka ari zaigu: ILUSIOA. 

Sentimendu bortitza, Inurriko kurtso hasierarekin batera mareak mugitu eta olatuak sortzeko gai dena. Urte osoan zehar ekintza eta irteeretara irribarre zabal batekin jantzita joatera bultzatzen gaituena. Bai, badator olatu hori, jada sortua dago. Zu ere olatu horren parte izan zaitezke, berdin du umea, gaztea, asaba, gurasoa edo aitona-amona zaren. 

Kurtsoa hasteko ilusioa duen edonor etor daiteke gurekin olatuan, berdin du aurreko urteetan Inurrin egon zaren, edo berria izan. Horretarako, zer hobe kurtso hasierako ekitaldira joatea baino? Bertan azalduko da kurtsoa nolakoa izango den, zein monitore izango ditugun gidari, eta… esan ezin dudan arren, sorpresa ugari izango direla aurreratzen dizuet.

Horretarako, irailaren 29an 16:30etan geratuko gara Txirinean (liburutegi zaharrean). Ekintza eta aurkezpenak egingo ditugu, eta ekitaldia 19:00 aldera arte izango da. 

 

Badator Inurriko 2019-2020 kurtso hasiera, ezin dezakezu galdu!

BETI PREST!

Partekatu!