MARTXAN GAUDE

Aurreko domeka arratsaldean, irailak 29, hasiera hobezina eman genion aurtengo ikasturte berriari. Ume, gazte, monitore eta gurasoen artean, jende pila bat batu ginen Txirinean. Aurpegi berri asko ikusten ziren, batzuk ilusioz beteak eta beste batzuk abentura handi honetan sartzeko urduritasun puntuarekin. Txirinetik parrokietako lokaletara jo genuen ekitaldia hasteko. 

Lehenengo, bingora jolastu genuen adar bakoitzeko monitoreak zein ziren argitzeko. Bertan zeuden ume eta gurasoek txalo zaparrada batekin jaso zituzten haien monitore berriak. Dudarik gabe, pozik zeuden tokatu zitzaizkien monitoreekin. Monitore taldea hobeto ezagutzeko aukera ere izan zen, bakoitzak bere burua aurkeztu zuen eta. 

Jarraian, adar bakoitza banatu egin zen eta ikasturtea nolakoa zen azaldu zitzaien. Txikienek jolasak egin zituzten haien artean ezagutzen hasteko, izan ere, aurten Koskorrak adarra berria dugu eta jende berri ugari dago. Nagusiagoak jada ongi ezagutzen dira elkarren artean, eta uda nola joan den hitz egiteaz gain, haien kurtsoa planifikatzen hasi ziren. Bestalde, gurasoek euren komisioak nola funtzionatzen zuen azaldu zieten guraso berriei. Gurasoa bazara eta komisioan sartu nahi izanez gero, parte hartzera gonbidatuta zaude!

Ondoren, udako kanpamenduko argazkiak ikusi genituen bideo hunkigarri batean. Amaitzeko, lunch bat egon zen, guztion artean kurtso berrirako dudak argitu eta ideiak partekatzeko balio izan ziguna. Urtero bezala, musika eta dantza ere ez ziren falta izan. Honekin guztiarekin jada kurtso berrian murgildu gara, martxan gaude!

 

BETI PREST! 

         

Partekatu!